Akordio bat Euskadik aurrera egin dezan emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean

Oraindik orain, Euskadin 15 eraso matxista gertatzen dira egunean, eta 6.659 emakumek Ertzaintzaren babespean bizi beharra daukate. Gainera, kontuan hartu behar da etxeetan gertatzen diren erasoen ia erdia ez direla salatzen. Erakundeek tratu duina eman behar diete indarkeria matxisten biktimei indarkeria hori jasaten ari direla dakiten unetik, eta prebentziora zuzendu behar dituzte beren indarrak, hasten ari den 2020ko hamarkada honetan ez daitezen errepikatu aurrekoan gertatutako 30 erailketak.

Ezinbestekoa da genero ikuspegia politika publiko guztietan txertatzea eta desberdintasuna betikotzen duten egitura sozialei aurre egitea. Zentzu horretan, erronka handi bat dugu aurrean: zaintzak demokratizatu behar ditugu eta jendarte osoa erantzukide egin, gaur egun oraindik, nagusiki eta gehienetan modu ikusezinean, emakumeek egiten dituzten lanak denon artean banatzeko. “Zaintzaren krisia” gainditu behar dugu eta, horrekin batera, gure zerbitzu publikoen kalitate galera geldiarazi, eskubideak areagotu eta gure ongizate estatua bermatu.

Hori lortzeko, gure ustez ezinbestekoa da kontinuismoa gainditzea eta beharrezkoak diren baliabideak desblokeatzea. Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz bere aurrekontu-proiektuko lehentasunen artean sartu zuenez emakumeen berdintasuna, Elkarrekin Podemosek oinarri horren gainean lan egin ahal izan du, eta norabide horretan garamatzaten aurrekontu-partidak eta konpromiso politikoak lortu ditu. Oraindik lan asko dago egiteko, baina Elkarrekin Podemosek akordio honetan txertatu ahal izan dituen proposamenek aurrerantz bultzako gaituzte, merezi dugun indarkeria matxistarik gabeko jendarterantz eta izan nahi dugun Euskadi feministarantz.

Indarkeria matxisten prebentzioa eta biktimentzako arreta hobea

Zaintzak jendartean banatzea eta beste neurri feminista batzuk

Ikuspegi feminista gainerako politiketara zabalduz


Indarkeria matxisten prebentzioa eta biktimentzako arreta hobea

INDARKERIA MATXISTAK PREBENITZEKO ETA HAREN BIKTIMEI ARRETA EMATEKO TOKIKO PROTOKOLOAK

+ 360.000 € / 2020

Aurrekontu-partida handituko da udal erakundeek tokian tokiko protokoloak egin ditzaten indarkeria matxistak prebenitzeko eta haien biktimei arreta emateko, Euskadiko herritarrek estaldura hobea izan dezaten.

SEXU-ABUSUAK PREBENITZEKO ETA ATENDITZEKO PRESTAKUNTZA PLANA

+ 250.000 € 2020 / + 250.000 € 2021

Prestakuntza plan bat osatuko da sexu-abusuak prebenitzeko eta atenditzeko, haur eta nerabeekin harreman zuzena duten euskal Administrazio Publikoetako profesional guztiei zuzendua.

HEZKUNTZA AFEKTIBO ETA SEXU-HEZKUNTZAKO PROGRAMA, SEXU-ABUSUAK ETA INDARKERIA MATXISTAK PREBENITZEKO

+ 300.000 € 2020

Hezkuntza Afektibo eta Sexu-hezkuntzako Programa bat diseinatuko da haur, lehen eta bigarren hezkuntzetarako, haur eta nerabeen garapen pertsonal zein sozial osoa sustatzeko eta sexu-abusuak eta, oro har, indarkeria matxistak prebenitzeko.

INDARKERIEN BIKTIMA DIREN ADIN TXIKIKOENTZAKO ESTRATEGIA INTEGRALA

+ 140.000 € 2020

2020ko lehen seihilekoan estrategia integral bat diseinatuko da haur eta nerabeen kontrako indarkeria egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta, gertatzen direnean., babesa emateko eta gatazka konpontzeko.

INDARKERIA MATXISTEN BIKTIMA DIREN EMAKUME NAGUSIEN ARRETA HOBETZEA

+ 470.000 € 2020

Ekimen hauen bitartez:

  • Emakume nagusiek euskal jendartean eta eskubideak bereganatzeko borrokan egin duten ekarpena jakinarazi eta aintzat hartuko da, jardunaldi, tailer eta kanpainen bidez.
  • Kanpaina bat egingo da jendartea sentsibilizatzeko eta emakume nagusien aurka garatzen diren indarkeria matxista mota desberdinak ikusarazteko.
  • Aurrekontu-zuzkidurak handituko dira emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten profesionalei prestakuntza emateko onlineko programarentzat.
  • Indarkeria matxisten biktima diren emakume nagusiei arreta emateko protokoloak berrikusiko dira, beraien errealitateari egokitutako ekintza eta neurri espezifikoak barne har ditzaten.
“ETXEKO TRATU TXARRAK ETA SEXU INDARKERIA JASATEN DITUZTEN EMAKUMEEI HARRERA HOBEA EGITEKO ERAKUNDEEN ARTEKO II. AKORDIOA” HOBETZEA ETA EGUNERATZEA

+ 70.000 € 2020 / + 70.000 € 2021

“Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. akordioaren” Jarraipen Batzordearen jardueretarako aurrekontu-zuzkidura handituko da, eta egin beharrekoa egingo da 2020an aipatu Akordioa eguneratzeko hobetu behar diren arloak identifikatzeko eta 2021ean agiria eguneratu eta III. Akordioa diseinatzeko.

INDARKERIA MATXISTEN BIKTIMEI BEREHALAKO LAGUNTZA JURIDIKOA EMATEKO ZERBITZUA HOBETZEA

+ 300.000 € 2020

Emakumeen aurkako indarkeriaren, etxeko indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimei berehalako laguntza juridikoa emateko Euskadiko hitzarmena berrikusi eta eguneratuko da hiru lurralde historikoetako abokatuen elkargoekin.

INDARKERIA MATXISTAK ERREGISTRATZEKO ETA HAIEI BURUZKO ESTATISTIKAK ATERATZEKO TRESNAK EGUNERATZEA

+ 170.000 € 2020

Genero ikuspegia aintzat hartuko duen azterketa diagnostiko bat egingo da datu eta estatistiken erregistroei buruz. Prozesu horretan, arreta berezia eskainiko zaio Segurtasun Sailari, indarkeria matxisten adierazpen anitzen prebentzio, babes eta jazarpen prozesuetan parte hartzen duelako. Gainera, indarkeria matxisten adierazle-sistema bat diseinatuko da, azken urteotan garatutako araudiekin bat etorriko dena; tresna horren bidez etengabeko ikuspegi global bat lortuko da eta, hala, posible izango da indarkeria matxisten bilakaerari jarraipen egokia egitea eta arlo horretako politikak garatzea.

BERDINTASUNARI ETA INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZA ASKEEI BURUZKO PRESTAKUNTZA PLANA

+ 250.000 € 2020 / + 250.000 € 2021

Berdintasunari eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitza Askeei buruzko Prestakuntza Plana osatuko da, herritarrekin harreman zuzena duten euskal Administrazio Publikoetako profesional guztiei zuzendua.

INDARKERIA MATXISTEN BIKTIMEI LAGUNTZEKO “ZUREKIN” PROGRAMA ZABALTZEA

+ 500.000 € 2020

“Zurekin” programa pilotua Donostia eta Gasteizko auzitegietara zabaltzea lortu dugu, horrela estaldura eta laguntza integrala emateko edozein indarkeria matxista motaren biktima izan diren emakumeei, bat etorriz Emakumeen Aurkako Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Prebentziorako eta Indarkeria horien Aurka Borrokatzeko Europako Hitzarmenean jasotakoarekin.

“GENERO INDARKERIAREN” ERAGINPEAN DAUDEN HAUR ETA NERABEEI LAGUNTZA ETA BABES GEHIAGO EMATEA

+ 1.300.000 € 2020

Partida ekonomiko bat sortuko da genero indarkeriaren eraginpean dauden haur eta nerabeei laguntza eta babes gehiago emateko (laguntza eta babesa emateko indargarriak, arreta pedagogikoa eta hezkuntza arlokoa, etxebizitza babestuak eskuratzeko lehentasuna, Familia Elkarguneetako langileen prestakuntza espezializatua hobetzea genero indarkeriaren biktima diren adin txikikoei arreta emateko, e.a.).

“GENERO INDARKERIAREN” BIKTIMA DIREN EMAKUMEEK ORDAINKETA BAKARRA LAGUNTZA ESKURATZEA

KONPROMISO POLITIKOA

Berrikusi eta eguneratu egingo dira “Genero indarkeriaren” biktima diren emakumeek “ordainketa bakarra” izeneko laguntza ekonomikoa eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.

INDARKERIA MATXISTEN BIKTIMAK BABESTEKO PROTOKOLOAK BERRIKUSTEA

+ 140.000 € 2020

“Genero indarkeriaren” biktimak babesteko sortutako aplikazio informatiko, ikus-entzunezko material, babes neurri eta ekintza protokoloak berrikusiko dira eta hobetzeko gomendioak egingo dira, horrela bermatzeko biktimek arreta integrala jasotzen dutela, aukera dutela bizitza normalizatu bat garatzeko, hartutako neurriek ez dituztela berriz biktima bihurtzen (segurtasun edo kontrol sistemen jomugan erasotzaileak jarriz, edo neurriak erasotzaileen inguruan bakarrik hartuz, biktimak hala eskatzen badu). Indarkeria matxistei biziraun dieten biktimen emakume elkarteek berrikuspen prozesu osoan parte hartuko dute.

POLIZIAK ETA JUSTIZIAK INDARKERIA MATXISTEN AURKA JOKATZEKO DAUZKATEN PROTOKOLOAK HOBETO KOORDINATZEA

+ 100.000 € 2020

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Justizia Administrazioarekin koordinatzeko dauzkan protokoloak berrikusiko dira, irizpideak bateratzeko eta administrazioek indarkeria matxistei arreta emateko orduan garatzen dituzten ekintzak hobetzeko. Horrekin batera, jardunaldi bat egingo da protokolo berriak eta haiei buruzko prestakuntza programa bat aurkezteko.

INDARKERIAREN BIKTIMENTZAKO INSTALAZIO JUDIZIALAK HOBETZEA

+ 340.000 € 2020 / + 300.000 € 2021

Indarkeriaren biktimei arreta emateko instalazio judizialak eta lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak ebaluatuko dira 2020ko lehen seihilekoan, eta instalazio horiek guztiak atontzeko eta hobetzeko lanak garatuko dira.


Zaintzak jendartean banatzea eta beste neurri feminista batzuk

0 eta 3 URTE BITARTEKO HAURRESKOLA PUBLIKO GEHIAGO ETA MERKEAGO

+ 4.000.000 € / 2020

0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza doakoa eta orokorra izateko egiten ari garen lanaren fruitua izan da Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela Haurreskolen tarifak % 10 murrizteko 2020an, eta beste % 10 2021ean. Gainera, hobariak eskainiko dizkie guraso bakarreko familiei, gutxienez hiru ikasgela berri irekiko ditu datozen hilabeteetan (beharra dagoen tokietan).

SEKTORE MASKULINIZATUETAN EMAKUME PROFESIONALAK KONTRATATU DAITEZEN SUSTATZEA

+ 500.000 € 2020 / + 2.000.000 € 2021

Prestakuntza eta enplegu programa bat jarriko da martxan, zeinaren helburua izango baita profesionaltasun ziurtagiria duten emakumeentzat kalitatezko enplegu egonkorra sustatzea oso maskulinizatuta dauden sektoreetan, horrela emakumeen jarduera- eta okupazio-tasak handitzeko.

GENERO IKUSPEGIA AINTZAT HARTZEN DUTEN PROIEKTU BEREZIAK EITBn

+ 535.000 € 2020

EITBn genero ikuspegia aintzat hartzen duten proiektu bereziak egingo dira.

“ELKARREKIN ZAINTZEN” PLANA ABIAN JARTZEA, JENDARTE OSOAK ZAINTZEN ERANTZUKIDETASUNA HAR DEZAN

+ 1.000.000 € / 2020

“Elkarrekin Zaintzen” plana diseinatu eta martxan jarriko dugu. Jendarte osoak parte hartuko du prozesu horretan (sail, erakunde, sektore, eragile sozial eta ekonomiko guztiek), jendarte berri bateranzko eraldaketan, zeinak zaintzen demokratizazioa eta zaintza horiek sozialki antolatzeko beste modu bat sustatuko baititu, Estatuaren, merkatuaren, familien eta jendarte zibilaren arteko erantzukidetasunean oinarriturik.

EMAKUMEAK KONTRATATZEKO ETA SOLDATEN BERDINTASUNA LORTZEKO PROGRAMAK

+ 6.000.000 € 2020 / + 4.000.000 € 2021

Enplegua garatzeko eta sortzeko proiektuetarako aurrekontu-zuzkidura handitu egingo da emakumeen langabezia tasa Euskadiko batez bestekoa baino handiagoa den eskualdeetan (Aiaraldea, Arabar Errioxa, Enkarterriak, Ibaizabal, Debabarrena eta Bidasoaldea), emakumeak lanaldi osoan eta mugagabeki kontratatzeko laguntzak hobetuz, betiere gizonen soldata berbera jasoko dutela bermatuta.


Ikuspegi feminista gainerako politiketara zabalduz

Bloke honetan jasotako ekintza espezifikoez gain, akordio honek barne hartzen dituen neurri guztiek arreta berezia eskainiko diote Euskadin emakume eta gizonen artean dugun desberdintasun egoerari. Helburutzat izango dute egoera horri buelta ematen saiatzea, kasu bakoitzerako egoki irizten diren neurri guztiak hartuz. Horrela bermatuko dugu akordio honetan jasotako 201,5 milioietako euro bakoitza baliagarri izango dela emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko.